XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Egia esan ez dio axola bere begirada vodka kopa zeharkatuz galtzen da une batez bertan gris kolorekoa da guztia.

Gora begiratuz, kebide eta fabriketako kea besterik ez duzu ikusiko.

Hiri basamortu baten modura ikusi izan dut beti Newark... Pertsonek ere grisak dirudite bertan; zorigabeko langileak, amets galduekin...

Ni ez nintzen halako girorako jaioa geldiune laburra egiten du garai urruti horiek oroituz Betidanik gorroto izan dut hiri zikin lanbrotsu hura; orain maitekiro gogoratzen badut ere bertan igarotako denbora.

Txikitan, Askatasunaren Estatua ikustera hurbiltzen nintzen naharoki.

Orduak ematen nituen bertan, amaigabeko ezinezko ametsetan murgilduta. New York zen dudarik gabe nire neurrira egindako hiria. Hain hurbil eta hain urrun aldi berean...

Emakumeak burua astintzen du une batez, lo sakon baten ondoren esnatuko balitz bezala.

Aurreko ahots laket-zalearen ondoan, tonu apal malenkoniatsuagoz mintzatzen da, eten laburrak eginik esaldien buruan. Garai horiek, burura, asko kostata dakartzala dirudi.

Pizza-banatzaileak, emakumearen aitormena entzunda harriturik istorioaren edukiagatik baino gehiago berarekin aritu izanagatik aldizkarietako edo irratietako gau-saioetako psikologo kaxkar aholku-emaile baten antzera ikusten hasia du bere burua; emakume dibortziatuen arazoak interes osoz entzuten dituztelakoa egiten duten horietako baten antzera, bitartean aharrausika edo, aukera badago, mikrofonoa itzalita, barrez lehertzen direlarik.

Emakumeak, bar-era hurbilduz, kopa betetzen du berriz, eta vodka dzangada luze bat plazerrez hartuz, istorioari ekiten dio, tonu irekiago batez oraingoan.